ZERTAN DUZU ZUK FEDEA?

Igande goiza da eta arratsalderako euri jasa iragarrita badago ere, momentuz, sukaldeko leihoan eguzkiak bete betean jotzen du. Baina jakina da bai, hemen, Euskal Herrian, udazkeneko eguraldi epel eta eguzkitsua ordu gutxiren buruan lainoz betetako zeru grisa bihur daitekeela.

Kalera irten orduko pareko etxeko bizilagun birekin egin dut topo.  Culotteak, kaskoak, takodun oinetakoak, eskularruak… bizikletan ibiltzera joateko asmotan direla esango nuke. Biek ere irribartsu-irribartsu agurtu naute. Neska ez da oso hiztuna, mutilak, aldiz, eguraldiari buruz hitzegiteko bada ere, badu beti komentarioren bat:

  • A zer nolako giroa! Aprobetxatu beharra dago, arratsalderako sekulako zaparrada omen dator.
  • Bai, ia goizak behintzat eusten dion.
  • Paseo bat ematera?
  • Ez, mezetara.
  • … (Telesail bateko elkarrizketa izan balitz, une horretan bertan kri-kri, kri-kri, kilker hotsa entzungo genuke)

Irribarreak desagertu eta harridura keinuak agertu dira euren aurpegietan. Isilune deseroso baten ostean, elkarri agur esan eta bakoitzak bere bideari ekin diogu. Segundo gutxiko kontua izan bada ere, une batez, nire buruarekiko lotsa sentitu dut, lekuz kanpoko zerbait esan izan banu bezala, oikoa ez den zerbait esan izan banu bezala.

Gaur egun, gure ingurukoekin, apenas egin oi dugu hitzik fedeari eta sinesmenari buruz. Elizaren bateko kide direnek baino ez dute ahotan erabiliko, eta haien artean, denek ere ez. Egunero topo egin oi dugun jendearekin, lanean, etxean, lagunekin, erosketak egiterakoan… inork ez du fedeari buruz hitzik egiten. Eguraldi txarraz, diruaz, lanaz, familiaz, seme-alabez, etab. solasaldi luzeak egin ditzakegu, baina badirudi fedea elizara doazenentzat, erlijiosoentzat nahiz irtenbide bila sinesmenera jotzen dutenentzat mugatutako gaia dela.

Prentsa, irratia, telebista, zein kaleetako hormak adierazpen askatasuna aldarrikatzen duten kartelez josiak daude. Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako programak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Kultura anitzak ezagutu eta elkarbanatzeko hainbat ekintza sustatzen ari dira. Elkarrenganako errespetua eta bizikidetasuna bultzatzeko sentsibilizazio kanpainak ere gero eta ugariagoak dira.  Eta ni, aldiz, ez naiz nire fedeari buruz hitzegiteko erabat aske sentitzen.

Kristau ebanjelikoa naizela esan eta asko, bizilagunen kasuan bezala, zer esan ez dakitela geratzen dira. Bat-batean mututu eta parean beste planetaren batetik etorritako izaki bat banintz bezala begiratzen naute. Bada sinestuna naizela esan eta barreari ekiten dionik ere, txantxetan ari naizen ustetan. Beste batzuk erotzat hartzen naute, ia zein sekta motatan sartu ote naizen irainduz. Eta gutxi batzuk, zuzenean, hitz egiteari utzi eta aldendu egiten dira, gaitz kutsakorren bat banu bezala. Ziur naiz ordea, barne-barnean, guztiok dugula gehiago ala gutxiago landutako fedea. Azaleratu gabeko fedea. Gordeka ezkutuan dugun fedea. Tamalez, gizarteak duen iritziak, hau zuzena ala okerra izan, pisu gehiegi du eta mareek hondartzako area herrestaka eramaten duten modura, halaxe mugitzen gara gu ere.

Zenbat alditan entzun ote dut: “ikusi ezean, ez dut sinesten”, eta nire buruari hauxe galdetzen diot: zer da fedea? Fedea ikusten ez den hortaz ziur egotea da, parean duguna ikusteko ez baitugu federik behar. Existitzen den guztia ikusterik bagenu, ez genuke federik behar. Baina ezin esan dezakegu ikusten duguna bakarrik existitzen denik, are gehiago, ikusten ez duguna gure begien aurrean dagoena baino ere zabalagoa dela esango nuke. Federik ez duela dioenak, bere burua engainatzen du. Ez dugu oxigenorik ikusten, baina hala ere uneoro arnasten gabiltza, eta inork ez du zalantzarik egiten existitzen denik. Haur batek bere gurasoengan fede itsua du, nahiz eta haien erabakiak ez beti gustukoak izan, baina badaki gurasoen esana bere onerako dela eta bide egokia jarraitzen lagunduko diotela. Umetatik gauza askotan hezi gaituzte, baina beti ez digute erakutsi zertan, edo hobe esanda, norengan jarri behar dugun gure fedea.

Nik ez dut Jainkoa nire begiekin ikusteko beharrik benetan existitzen dela jakiteko. Egunero arnasten dut, hark ematen baitit bizitzeko behar dudan oxigenoa. Hura dut nire Aita, eta ni bere alaba. Hortaz, nola ez dut ba nire Aitarengan federik izango?

 

Nerea Puldain

2018-11-04T01:30:43+00:00