Gehienetan gurasook gure seme alabei bizitzako balore garrantzitsuenak geuk irakasten dizkiegula pentsatu oi dugu, baina zalantzarik gabe, beraiek dira askotan gure irakasle.

Hain zuzen, 2018ko urte zahar egunean gure semeak inoiz ahaztuko ez zaigun irakaspen bat utzi zigun. Bordeleko jatetxe batean afaltzetik irteten ari ginela, kale hotz batean, 23:00 inguruan, emakumezko bat topatu genuen bakarrik, kale bazterrean, txanponak jasotzeko edalontzi huts batekin eta animalia itxurako panpina batzuk zituela inguruan. Haren aurretik igarotzean, Iker emakumearengana hurbildu nahian protestan hasi zen.

Hasieran animalia itxurako panpinengatik zela pentsatu genuen, eta ezetz, emakumearenak zirela errepikatzen genion. Baina kale erdia oinez igaro eta oraindik ere Ikerrek protestan jarraitzen zuen emakumearengana itzuli nahi zuela errepikatuz. Orduan konturatu ginen familia gisa emakumeaz erabat paso egin genuela.

Une horretan Ikerri emakumearengana opari bat emateko itzuliko ginela esan genion. Bertaratu ginenean, Ikerrek ez zien panpinei begiratu ere egin, eta emakumeari agindutako oparia eta ahal izan genuen bezala hitz batzuk ere eskaini genizkion, tamalez ez baitugu frantsesez hitzegiten. Emakumea agurtu eta gero gure semea pozez zoratzen zegoen eta zoriondu ere egin genuen Jainkoak hura erabili baitzuen berriro ere emakume harengana itzuli eta laguntzeko.

Gauean, lotarako orduan, Ikerrekin batera otoiz egin genuen Bordeleko emakume hura ere gogoratuz eta momentu hartan bertan Ikerri irribarre zoragarri bat irten zitzaion, berriro ere benetan balioa zeri eman behar diogun eta baita 2019an zerk poztu behar gaituen irakatsiz.

«Haietako bakoitza
haizetean babes izango da,
ekaitzean aterpe;
lurralde lehorrean ubidea bezala,
basamortuan harkaitz handi baten
geriza bezala» (Isaias 32:2)

Daniel Scott