Izan baino lehen

Behi batean, banindoan nire bilobarekin bere etxerantz, eta bide erdian nire bilobak begiak zerurantz jasota, horrela galdetu zidan “ Aitona, hau dena nola?” eta berehala etorri zitzaidan gogora Hasiera liburuan idatzita dagona Has. 1:1,3 “ Hasieran Jainkoak zeru lurrak egin zituen. Jainkoak esan zuen izan bedi Argia, eta argia izan zen, eta horrela gauzak guztiek, Berak bere hitzaren bidez egin du dena.”

Isiltasuna sortu zen gure artean, baina handik bost pausotara, berriro galdetu zidan “ Aitona, eta Jainkoa?”, ordun ni geratu nintzen isilik, eta Jainkoak eman zidan erantzuna: Apk. 1:8 “«Neu naiz Alfa eta Omega–dio Jainko Jaunak–, dena, zena eta etortzekoa, ahalguztiduna», Bera Hasiera eta bukaera da. Horixe izan zen eman nuen erantzuna eta dirudienez lasai geratu zen, berriro ez zidalako galdetu.

Hala ere, ni ez nintzen erabat lasai geratu, eta berari eta beste bilobari hori buruz hitz egiteko une egokia bilatu nuen.

Egun batean, biak gure etxera etorri ziren eta nik horri buruz hitz egiteko aprobetxatu nuen. Horretarako, orri txuri bat eta margoak eman nizkien esanez “ lehen begiratu zer duzue gogoko margotzeko, gero pentsatu nola egingo duzuen, eta bukatzeko hasi margotzen gogoko duzuena” . Bai, Pirritx, Porrotx eta Marimototxek esaten duten bezala, Sentitu, Pentsatu eta ekin!

Haiek, lanean jarri ziren. Handik denboratxo batera deitu zidaten bukatu zutelako. Nik margolanak ikusi nituen eta zoriondu egin nituen, egin zuten lanarengatik. Gero hasi nintzen egin zituenaren argibidea ematen, eta esan nien “ konturatu zarete zer egin duzuen, margoa egin baino lehen’, bihotzera begiratu duzue gogoko duzuena ikusteko, gero pentsatu duzue nola egin behar zenuten gogoko zenutena eta azkenean, margotu egin duzue, ahal duzuen obekien bihotzean gogoko zenutena, denek ikus genezan. Oso ondo, ba horrela egin zuen Jainkoak, Bere bihotzean gu ginen gogoko, gero pentsatu zuen nola egin behar zuen dena eta gure aurretik unibertsoan eta lurrean prestatu zuen gu bertan bizi ahal izateko, eta gero sortu egin gintuen, hemen Berarekin bizitzeko.

Bera betirako denez, gu ere betirako gara. Lurrean denbora motza pasako dugu eta gero berriro Berarengana itzuliko gara. Hemen gauden bitartean, Bera ezagutu eta Berarekin bizitzea aukeratzen badugu, heriotza eta gero, berriro Berarekin izango gara.

Eternitate barruan geunden, mundua izan baino lehen. Jainkoaren bihotzean ginen, Bere nahia beti, gu Berarekin bat izatea izan da, ordea, Berari bizkarra eman genion eta Berarengandik urrun gaude. Hala ere, bidea ireki digu Berarengana itzultzeko eta heriotzatik haratago, Berarekin betirako maitasunez bizitzeko aukera dugu. Jesukristo da gure sarreraren txartela, Berak ordaindu zuen gurutzean, eta gure berpiztuera, Bera hiru egunetara berpiztean egin zen.

1 Korintioarrei 15: 53-57ak dio:

«Gure izate ustelkorrak bizi ustelezinez jantzi behar du, eta izate hilkorrak hilezkortasunez.

Gure izate ustelkorra bizi ustelezinez jantziko denean, eta izate hilkorra hilezkortasunez, orduan beteko da Liburu Santuak dioena:

Behin betiko galdua

gertatu da heriotza.

Non duk, Herio, heure garaipena?

Non heure eztena?

Heriotza dakarren eztena bekatua da, eta bekatuak legetik hartzen du bere indarra. Eman diezazkiogun eskerrak Jainkoari, halako garaipena ematen digulako Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez»

Ez utzi alperrik, Jesukristoren bidez, Jainkoak ematen digun aukera. Hemen gaude, eta poztutzen naiz, hemen gauden bitartean, aukera dagoelako. Gero, hemen aukeratzen duguna han izango baitugu.

Izan ongi, heriotza ez da bidaiaren azkena, bidaiak jarraitzen du, bidai on eta betirako egin dezagun.

Jainkoak bedeinka zaitzala.

Joxan Rodriguez