“Jainkoaren beharra txikitatik”. ETB1eko Bizi Berria programarako Pili Peñak egindako elkarrizketa.

Pili Peña

Gure gizarteko ezaugarrietako bat da fede galtze handia, batez ere belaunaldi berrien artean. Ba liteke pentsatzea bost axola seme-alabek, edo ilobek sinestunak diren ala ez. Horrek islatzen duena da gurasoek ez dutela bizi ezta irakats lana egin ere, eta seme alabek beste espiritualitate desberdina nonbait irakatsi diete eta barneratu egin dutela. Zeren denok jarraitzen diogun baten bati.

Aitzitik inurriek bezala gure lana egiten badugu, une batez edo beste baten fruitu ona jasoko dugu. Eta hurrengo belaunaldiek igorritako fedea, baloreak eta irakaspenak bereganatuko ditu. Bere janzkera desberdina izango da, liburu ezberdin, orrazkera eta janzkera desberdina, baina espiritualitate eta balore zintzoak bereak egingo ditu. Baina jotake aritu behar da.

Gaur horren eredua den gazte bat aurkeztu nahi dizuet, Daniel Scott Usurbiletik datorkigu, eta nahiz eta ezaguna izan gure saioan, ez dugu ondino jakin nolako ibilbide pertsonala izan duen eta Jesukristo noiz arte eragin duen bere bizitzan.   Eta Gaur jakingo dugu.

  • Daniel,  Kontaiguzu laburki nor zaren eta zertan ematen duzun bizitzan?

Ni Usurbilen bizi naiz baina Argentinakoa naiz. Ezkonduta nago Marturekin eta biok seme eder bat daukagu. Bere izena Iker da. Eta orain KALE ARGIAn lan egiten dut. Kale Argia ekoiztetxea, euskaldun fede komunitatea eta elkartea da.​

  • Kristautzat hartzen duzu zure burua, Nola izan zen posible hori?

Buenos Airesen jaio nintzen kristau familia batean. Nire ama kristau protestanteen laugarren belaunaldia da. Bere familian, Jesukristo onartzen lehenak bere birraitonak izan ziren Italiako iparraldeko herri batean.​

Hau artzain metodista batek nire arbasoei oparitutako Biblia bati esker gauzatu zen, hura irakurtzen hastean beraien bizitza erabat Jesukristori eskaintzea erabaki baitzuten. Ondoren Argentinara emigratu behar izan zuten txirotasunetik ihesi.​

Nire aitaren kasuan, bera izan zen familian Jesusenganako fedea besarkatzen lehena 18 urterekin, Buenos Aireseko auzo bateko pandilen arteko eta biolentziaz inguratutako bizia eraman ostean. Gau batean, lagun kristau batek elizara gonbidatu zuen aita eta seme galduaren parabola entzun ostean, hain identifikatua sentitu zen non, aurretik halako bizimodua eraman arren, Jesukristoren deia onartu zuela, bere maitasuna eta salbamena jasotzeko eta bizi osoan Jesukristo jarraitzeko.​

Nire kasuan, 6 urterekin Jesukristo nire bihotzean onartu nuen.​

  • Zuk uste duzu zure familia erabakigarria izan zela erabaki espiritual horretan, nahiz eta haur bat besterik ez zinela??

Zalantzarik gabe nire familia eragin oso positiboa izan zen. Adibidez, nire amak gauero lotara joan aurretik nire anaiari eta niri Bibliako istorioak kontatzen zizkigun. Gau horietako batean, nire ama entzun ostean, zerura joateko zer egin behar nuen galdetu nion. Nire amak azaldu zidan zerura joatea Jainkoaren oparia zela eta egin beharreko gauza bakarra Jesus nire bihotzean onartzea zela. Eta era oso sinple batean Jesukristo nire bizitzan onartu nuen.​

  • Haur batek ulertu ahal du bekatu edo barkamenaren kontzeptuak? ​

Nik baietz uste dut eta hau esan dezaket nik neuk bizi izan nuelako umetan. 8 eta 9 urte bitartean, oso kontziente nintzen bekatari nintzela. Gogoan dut nire gaiztakerietako baten ostean, etxeko gela batean sartu eta Jesusi barkamena eskatu niola nire bekatu guztiengatik, eta lehen aldiz bai bere barkamena eta baita barrutik garbitzen ninduela ere sentitu nuen.​

Haurtzaroko oso oroitzapen politak ditut eta astebururo nire auzoko elizara joan oi nintzen guraso eta lagunekin. Aurrena gurasoen etxean eta ondoren elizan, Jainkoa hobeto ezagutzen eta jarraitzen ikasi nuen haurtzaroan bertan. Bedeinkatua sentitzen naiz bizi izan naizen familian kanpoan Jainkoari buruz irakasten zutena gero beraiek etxean beraien ereduarekin bizitzen baitzuten, noski ez ziren perfektuak.​

Gogoan dut baita oso txikitan banuela Jaikoaren hitza Jesusi buruz inoiz entzun gabeko munduko lekurik urrunenetara iritsiko ote zen kezka. Batzuetan biblia irakurtzeko ikaragarrizko gogoak izaten nituen, nahiz eta askotan irakurtzen nuena ez ulertu.​

  • Gaztea izanik Jainkoarekiko erlazioa mantentzen zenuen?​

Bai, baina 13 urterekin kanpoko erlijiositate bat baino ez nintzen hasi bizitzen, izan ere elizara gurasoekin eta lagunekin joatea ohitura bihurtu baitzen. Baina ez nuen Jainkoarekiko adiskidetasunik. Ez nuen ez otoitz egiten, ezta biblia irakurtzen ere eta nire bizitza propioan kontraesan ugari ikusten hasi nintzen elizan nintzen pertsona eta kanpoan nintzenaren artean (nire lagunartean esaterako)​

Baina beti izan nintzen kontziente bizitzen ari nintzen egoera hura ez zegoela ongi!​

Jainkoari esker 15 urterekin eta elizako gazte talde batekin Argentinako leku oso txiro batera joateko aukera izan nuen landako eskola publiko batean laguntzera. Bidai horrek nire bizitzan aurretik eta ondorengo bat markatu zuen!

Aurrena Jaunak nire bihotza ukitu zuelako eta nireak balira bezala sentiarazi zizkidalako hainbat ume eta beraien familiak jasaten zituzten beharrak eta injustizia sozialak. Baina nire bihotza batez ere BERE behar handia nuela ikusteko ukitu zuen, nire espiritualtasun ahulaz eta Jesusek zenbat maite ninduen konturatzeko. Bidai horretatik aurrera Jauna modu berezi batean esperimentatzen hasi nintzela esan dezaket eta berarekin adiskidetasun bat lortzen otoitza eta bere Hitzaren bidez. Egunero senti nezakeen Jaunarekin komunikazioa eta adiskidetasuna nuela.​

Jesusekin nuen maitasunak eta adiskidetasunak  niregan gustuko ez nituen praktika asko aldatzen lagundu zidan, batetik nire fedea eta bestetik eskolako nire jokaera eta lagunen artean koherenteago izaten. Besteen beharretan gero eta gehiago pentsatzen ere lagundu zidan. Eta ondorio horiek, zalantzarik gabe, nire bizitzan Espiritu Santuak egindako lanari esker ziren.​

  • Eragina al du konbertitzea, kristau sinesmena izateak zure ibilbidean, ikasketa, erabakietan?

Bai. Jesus jarraitzea erabakitzen duzunean lehentasunak aldatu egiten dira.​

Nire kasuan, Jaunak niregan hainbeste aldaketa eragin zituen, eskolan bigarren hezkuntza amaitu aurretik erabakia nuela gizartean marjinatuak zeuden pertsonak laguntzen eta defendatzen lan egin nahi nuela bizitzan. Urte horietan konpromiso osoz ibili nintzen Jainkoa zerbitzatzen kaleko egoeran zeudenekin eta baita Buenos Aireseko auzorik txiroenetan ere. Izatez, unibertsitatean Politika Zientzietan graduatu nintzen pobreziak eta injustizia sozialak sortzen zituzten arazo estrukturalak konpondu nahian.​

  • Eta bizitzak zure kontra doala konturatzen zarenean, sufrimendua datorkizula. Orduan, Fedeak, laguntzen dizu?  ​

Zailtasunak toki guztietan daude, baita nire kasuan ere. Baina froga eta zailtasun horien artean Jainkoak lehentasun izan behar duela ikasi dut.​

19rekin urte zaila bizi izan nuen arlo pertsonalean, denbora horretan Jainkoa ez bainuen lehentasun izan eta ondorioak nire bizitzan oso tristeak izan ziren.​

Urte horretan neska bat ezagutu eta harekin ibiltzen hasi nintzen eta nire bizitzako zentro eta lehentasun bilakatu zen. Pixkanaka Jainkoa albo batera uzten joan nintzen. Baina egun batean neska horrekin nuen erlazioa amaitu egin zen eta ondorioz sekulako hutsunea sentitu nuen ez bainuen Jainkoa bizitzan lehentasun. Hutsune horrek eta Jainkoarengana ez itzultzeak ia depresio batetara eraman ninduen, itoaldi handia sentitzen nuen, klaseetara ez nintzen gehiegi joaten, nire burua ez nuen ongi ikusten, askotan etxetik ere ez nuen irten nahi izaten, unibertsitateko nire errendimendua ikaragarri jaitsi zen, ez nintzen txukuntzen eta inoiz egin ez nituen gauzak egitera iritsi nintzen, esaterako, egun batean bakar bakarrik mozkortuta amaitu nuen.​

Eta nahiz eta inguruan maite ninduten eta nitaz kezkatzen ziren pertsonak izan (familia, laguna) oso bakarrik sentitzen nintzen. Mozkortu nintzen gauean bertan eliza katoliko baten parean nengoen ni bakarrik alkohola edaten eta nigan eta baita inguruan ere dena ilun ikusten nuen, baina momentu horretan Jainkoaz gogoratu eta burura eta bihotzera etorri zitzaidan Jesus besoak irekita zain nuela eta nigatik negarrez zegoela.​

Jainkoari esker, urte horretako abenduko arratsalde batean nire logelan negarrez nengoela Jaikoarekin berriro hizketan hasi nintzen, barkamena eskatu nion urte guzti hartan bizkar eman niolako eta nire buruari egindako kalte guztiagatik. Barrutik sendatzeko eta barkatzeko eta berritzeko eskatu nion.​

Abenduko arratsalde hartatik Aurrera nire bizitza erabat aldatzen hasi zen. Jainkoa berriro ere lehentasun bilakatu zen nire bizitzan, egunero otoitz egiten eta biblia irakurtzen nuen eta elizako beste pertsona batzuk lagun ziezadaten onartu nuen.​

Jaunak berak ikusten ninduen bezala ikustarazten lagundu ninduen. Bere maitasunez, barkamenaz, osasunez eta duintasunez bete ninduen. Eta berriro ere besteengan nigan baino gehiago pentsatzen hasi nintzen.Besteei ematen hasi eta Jaunak niregatik egin zuena partekatzeko grina piztu zitzaidan. Ezinezkoa zen isildu eta ebanjelioaren opari hori niretzako gordetzea!​

Inoiz ez nintzen denbora horretan adina iluntasunez inguratua egon, baina Jainkoaren leialtasunari esker, Berarengana itzultzean, bere grazia (Jainkoak eskaintzen digun eta merezi ez dugun oparia) eta nire bizitzarekiko zuen errukia esperimentatu ahal izan nituen.​

  • Daniel, zure aita pandila munduan murgilduta zegoen, indarkeria erabiltzen zuten eta errebelde bat zen, Jainkoaz egiten diote berba eta konbertitu egiten da eta zeharoko aldaketa sortzen da beregan, Jainkoak eraginda. Zure kasuan, 6, 8-9 urte zinelarik mezua ulertu, eta konbertitzen zara Jesusengana. Jainkoak onak direnen bihotzak eraldatzen ditu, zure kasuan bezala?

Jainkoak nire bihotza eraldatu zuen eta egunero eraldatzen ari da, zeren beti daukat zerbait konpontzeko. Jainkoari esker, bere grazia eta maitasunez Jesukristori jarraitzen ari naiz eta hori da bizitzako gauzarik onena: Jesukristori jarraitzea, ez erlijio gris bati, Jesukristori baizik!​