Bizitzan une bereziak ditugu. Askotan, bilatu gabeak, eta horiek berezienak bihurtzen dira. Hau horrela, zailak izaten dira ahaztutzeko eta xamur eta goxo, bihotz barruan gustora gordetzen ditugu.

Hau goiz batean gertatu zitzaidan, bi amarekin elkartzen nintzen biblia ikastaro bat egiteko, eta goiz hartan ama batek horrela kontatu zidan : Atzo nire alaba txikiarekin hizketan nengoen, eta alabak galdera hau egin zidan “Jainkoak dena daki. Gertatu baino lehen bazekien zer gertatuko zen, orduan, zergatik jarri zuen paradisuan beste zuhaitz bat, guk hortatik jango genuela baldin bazekien?”.

Holako momentuak oso bereziak dira. Zu aho bete hortz geratzen zara, erantzunen bat bilatzen, eta ez duzunez, Jainkoari otoi eskatzen hasten zara. Hau jaso nuen eratzuteko:

Jainkoak esan zuen: «Egin beza gizakia; izan bedi gure irudiko, gure antzeko; mendera ditzala itsasoko arrainak, zeruko hegaztiak, abereak, basapiztiak eta lurrean narraska dabiltzan piztia guztiak»

Jainkoak aske egin gaitu, Bera bezala izateko, eta askatasuna praktikan jartzeko aukerak behar ditugu. Bestela, paradisuan zuhaitz bat bakarrik jarriko baligu, inposaketa izango litzateke. Horrekin ez genuke aukerarik izango, Bakarrarekin, bere nahia inposatuko liguke eta aske egin gintuenez, beste bat jarri behar zuen, nahiz eta jakin, guk bestea aukeratuko genuela eta heriotzaren ondorioa ekarriko zigula.

Berak aurretik zekielako, guretzat irtenbide bat prestatu zuen, berriro Berarengana itzultzeko, askatasuna eta Bera maitatzeko askatasuna Jn.3:16 “Izan ere, Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.”

Berriro, aukera dugu gure bizitzan, Gure aurreneko erabakiaren ondorioak begi bistan ditugu, gaur egun agian nabarmenagoak, baina oraindik badugu bihotz berritzea eta Jainkoarengana joatea. Maitatzea, egia edo justizia edo bakegileak izatea. Hori da Jainkoa maitatzea eta lagun hurkoa maitatzea, eta Jainkoak ez du besterik nahi. Horretarako badugu bidea, Berak hasieratik prestatu ziguna. Jesukristo bere seme bakarra.

Oso polita izaten da gure Euskal Herrian Jainkoaren mezua gure poetengandik edo abeslariengandik jasotzen dugunean. Euskal Herriko abestien artean badugu bat oso berezia, hau da, Txoria-txori, eta oso adierazgarria da guretzat, askatasunari buruz hitz egiten digulako, eta horrela da. Jainkoak aske egin gintuen, eta askatasun hori moztuko baligu, ez ginateke izango bere irudi eta antzera eginak. Berak nahi duena egingo genuke. Askatasunik gabe ez ginateke izakia izango eta Berak maite gaitu. Hori da abestiak esaten duena.

1Jn. 4:7-10 ek diote

«Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa.

Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita.

Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun.

Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna»    

Maitasunak askatasuna eskatzen digu eta horretarako bi aukera ditugu, maitatu edo gorrotatu. Egia da Jainkoak dena dakiela, baina askatasuna eman digu eta ez digu kenduko. Bera ez da damutzen, ezta gezurretan ibiltzen. Gurea da aukeratzeko ardura. Nahi baduzu, maitatzea aukeratu ezazu eta Jainkoa maitasuna denez, maitasunez beteko zaitu.

Haurrek , Jainkoak bezala, maitasun hizkuntza dute gogoko, Mrk. 10: 14-15 “Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege. 15 Benetan diotsuet: Jainkoaren erreinua haur batek bezala onartzen ez duena ez da inola ere bertan sartuko».

Eta Pirritx, Porrots eta Mari mototxekin batera abestu dezagun “maite zaitut”.

 

Izan ongi eta askatasunez maita ezazu.

Jainkoak bedeinka zaitzala.

 

Joxan Rodriguez