Udako oporrak bukatu dira jada eta ondorioz haurrak berriro eskolara itzuli dira. Badirudi haurrek eskolan denbora dezente pasatzen dutela astero, eta tamalez batzuetan gurasook gure errespontsabilitatea eskolen esku uzten dugu. Hori dela eta, galdera batzuk proposatu nahi nituzke:

* Haurrak berriro eskolara itzultzean, gurasoen heziketak nola jarraitu beharko luke etxean?

* Gure jarduera hobetzeko, beste laguntzaren bat beharko genuke?

Lehenik eta behin, gure seme-alabentzat eskolarik onenak beren etxeak izan beharko luketela esango nuke: eta nahiz eta eskolak eragin garrantzitsua izan, gurasoek umeei ematen dieten heziketa funtsezkoa da. Batez ere, baloreak irakatsi eta segurtasun emozionala ematean. Hala ere, jarduera hori ondo garatzeko beharrezkoa da etxean kalitateko denbora igarotzea, bestela, zaila izango litzateke, ezta?

Antza, gure gizartean, famili arteko harreman onak eta sakonak sustatzeko denbora ez edukitzea arazo larria da. Sistemagatik denok dakigu gurasook ordu asko lan egin behar dugula hilabete bukaerara heltzeko.

Horregatik, nire ustez, gurasoen borondateaz gain, gure gizartean irtenbide batzuk aldarrikatu beharko genituzke. Esaterako; amaren eta aitaren baja luzatu eta lan baldintzak hobetu.

Agian, orain pentsa dezakezue esaten ari naizen planteamendu hau ideal bat besterik ez dela; baina, zergatik ez?

Hala ere, ideal hori egia bihurtu nahi bagenu, lan handia egin beharko genuke; bai gure eskubideak aldarrikatzean, bai gure seme-alabei tratu ona eta denbora hobea eskaintzean. Eta bide hori jarraitzeko, dudarik gabe jakinduria behar dugu.

Aukera guztietatik zein da onena?

Zein dira gure lehentasunak? Diru gehiago izatea ala familiarekin denbora gehiago igarotzea?

Guztiok jakinduria behar dugu gure bizitza familiarekin ondo kudeatzeko. Nik behintzat bai! zalantzarik gabe badut beharra. Baina nola da posible jakinduria hori aurkitzea?

Jesukristo lurrean bizi zenean hark leiho bat ireki zigun; izan ere, Jesusen lehentasunak beti pertsonak izaten ziren. Beti oso hurbilekoa! Umeak baztertzen zituzten garaian, Jesusek beste bide bati ekiten zion. Horregatik egun batean hau esan zuen:

“«Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxietsi. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe.” (Jesus, Mateoren ebanjelioa 18:10)

Jesusen bidea jarraitzen badugu, eta gure familia ondasunak baino altxor baliotsuagoa dela ikusten badugu, gizon-emakume jakintsuak bihurtuko gara.

Amaitzeko, espero dut denon artean Jesukristoren laguntzarekin hausnarketa sakon bat egitea gure seme-alabak hobeto zaindu eta laguntzeko.

Daniel Scott