Elkarrizketa besteek zer esango dutenaren beldurraren arozoari buruz.

NOLA IKUSTEN DUZU ARAZO HAU GURE HERRIAN?
Gaur egungo gizartean garrantzi handiagoa du eskuetan duzunak, lortu duzunak edo egiten duzunak, benetan zarenak baino. Eta hau dela eta jende asko itxurakerian bizi da, ez garenaren itxura eman nahian; beldurragatik, lotsagatik, baztertuak izateko kezkagatik, gureganako konfiantza faltagatik, gugatik zer esango dutenagatik.

Itxurakeria honek autoestima baxuko pertsona hutsak bihurtzen gaitu. Hutsune hori betetzen oso zaila izaten da, ezerk ez gaitu asetzen, beti gehiagoren bila, sekula dugunarekin kontentu egon gabe. Uneoro ingurukoen onespena eta miresmena nahi izaten dugu, hau lortu ezean, inseguritatea sortzen zaigu. Askotan gure burua positiboki baloratu aurretik besteek onartuak izan behar dugu. Onartzen ez bagaituzte, ez dugu balio.

Horregatik ezberdina izateak, pentsatzeak, jokatzeak beldurra eta inseguritatea eragiten digute; eta besteek onartzen ez banaute? Eta kontrakoa pentsatzen badute? Tontakeria dela iruditzen bazaie zer? Galdera eta zalantza guzti hauen ondorioz ez gara benetan pentsatzen duguna esateko gai, nahi duguna edo sentitzen duguna egiteko gai besteek zer esango dutenaren beldur gure askatasunari kateak ezarriz.

ARAZO HAU ALA ANTZEKOA SUFRITU DUZU?
Bai eta horrek nire izaera erabat markatu du.

Anoetan jaioa naiz eta nirea bezalako herri txiki guztietan denok elkar ezagutzen dugu eta denok dugu elkarren berri. Jendea oso txutxu-mutxu zale da.

Familian neu naiz zaharrena. Ahizpa gazteagoa dut eta lehengusu-lehengusina guztiak ni baino gazteagoak dira. Etxean behin eta berriro azpimarratu didate besteentzat eredu izatearen garrantzia; zintzoa, langilea, jendaurrean atsegina, arazorik sortzen ez duena, zeresanik ematen ez duena. Eta niganako halako espektatibak izanik, horiek bete nahian, nik neure buruari exijentzia maila oso altua jarri izan diot beti, erabat besteen onespenaren bila eta guztiekin asmatu nahian. Baina azken hau ezinezkoa denez, frustrazio ugari bizi izan dut besteei huts egitearen beldur.

Behin baino gehiagotan nire desioak, nahiak eta ametsak albo batera utzi behar izan ditut etxean jasotzen nuen erantzunaren ondorioz: “eta zer pentsatu behar du jendeak?” Mingarria egin zait etxekoentzat besteen iritziak norberaren sentimenduak baino garrantzi handiagoa izan duenean. Tamalez, familia askotan entzuten den esaldia da hau: “ eta zer pentsatu behar du jendeak?”

Lagun artean ere momentu zailak bizi izan ditut, nerabezaroan bereziki. Lagun koadrila artalde moduan ikusten nuen; batek zer egin, zer esan, denak atzetik. Askotan ez nuen era berean pentsatzen edo eta euren jokabidea partekatzen, baina ezer esateko beldur nintzen gaizki begiratuko ote ninduten beldurrez. Ez nintzen gustura sentitzen, lekuz kanpo sentitzen nintzen eta apurka apurka geroz eta gutxiagotan elkartzen nintzen taldearekin, erabat utzi nuen arte. Etxean ez zuten nire erabakia ulertzen: “eta zer pentsatu behar dute lagunek?” Baina nik argi nuen haiek ez zirela nire benetako lagunak.

Denborarekin eta bizipenekin besteen zeresanek nigan duten eragina gutxitzen joan da, batez ere mina emateko esanak izan badira. Geroz eta argiago dut zeintzuk diren nire lehentasunak. Baina horrek ez du guztiz ezabatzen besteen begiradak oraindik ere nigan duen eragina.

ZERK LAGUNDU DIZU EGOERA HAU GAINDITZEN?
Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da nork bere burua maitatzen eta onartzen ikastea, gure bertute eta akatsekin. Egia da beldur honen ondorioz autoestima eta norberarenganako konfiantza baxua izan oi direla. Niri asko kostatzen zait nire burua lausengatzea, positiboki baloratzea. Errazago identifikatzen ditut nire ahultasunak. Hau ondo dago hobetu ahal izateko, baina gure akatsek bertuteek baino askoz ere pisu handiagoa dutenean, gure burua zalantzan jar dezakegu eta gugan dugun konfiantza erabat galdu.

Horregatik niretzat ezinbestekoa da inguruan benetan eta bihotzez maite eta baloratzen nauen jendea izatea; familia, lagunak, bikotekidea, lankideak. Baina hauek ere, nik bezalaxe, momenturen batean huts egin dezakete. Nik, zorionez, sekula hutsik egingo ez didan eta baldintzarik gabe maiteko nauen laguna aurkitu dut. Jesus ezagutu dut, Jainkoaren maitasuna ezagutu dut. Bere alaba egin nau eta naizen bezala onartzen eta maitatzen nau, ez nau bakarrik utziko. Hau pentsatzeak indar handia eman dit, nire burua gehiago baloratzen lagundu dit. Jainkoak nahi duen bezalakoa banaiz eta bere nahia eginez zoriontsu banaiz, zer axola dio besteek esango dutenak? Guztiekin asmatu ez arren, orain badakit non dagoen nire lekua eta jarraitu behar eta nahi dudan bidea.

EUSKAL HERRIAN ZERK LAGUNDUKO LIGUKE EGOERA HAU GAINDITZEN?
Bizi garen gizartean ez da erraza askatasunez jokatzea. Oztopoz inguraturik bizi gara: sistema, dirua, estereotipoak, prejuizioak, itxurakeria, telebistaz jasotzen dugun informazioa. Guzti horrek era konkretu batekoak izatera eramaten gaitu: berekoiagoak, diruzaleak, hotzak, harroak. Oztopo horiek gainditzen hasi beharra dago. Oraindik ere aurreiritzi ugari egon arren, mentalitate irekiago bat izaten ikasi behar dugu.

Euskal Herria, batez ere, nahiko hermetikoa da zentzu horretan. Ohiturek, tradizioek eta kulturak berak garrantzi izugarria dute gure egunerokotasunean eta horregatik, hain zuzen ere, aldaketen aurrean euskaldunak oso mesfidatiak izan oi gara Bizitza osoan zehar ikasi eta ikusitakoak eztabaidarako aukera gutxi du. Ezberdin pentsatzea, jokatzea, izatea … zorrozki epaitua izan daiteke. Tolerantzia eta errespetua funtsezkoak dira.

Askotan gauza dezente gehiengoak bultzatuta egiten ditugu, ondo edo gaizki egon daitekeen pentsatu ere egin gabe. Baina gehiengoak egiten edo pentsatzen duenez edo beti horrela egin izan denez..zertarako eztabaidatu.

Euskaldunak nortasun handiko pertsonak garela esan oi da. Handia bai, baina nortasun bera? Denak berdin pentsatzera behartuak ote gaude ba? Ezinezkoa da denok iritzi berekoak izatea, berdin sentitzea, berdin pentsatzea..baina gaizki begiratuak edo baztertuak izatearen beldurrak isilik egotera eramaten gaitu.

Aldamenekoa entzuten ikasi behar dugu eta baita, aldi berean, benetan gogoan dugun hori edo egin nahi dugun hori, maitasunez eta errespetuz, besteen aurrean azaltzen ere, arraro begiratuko gaituzten edo epaituko gaituzten beldurrik gabe.

Besteei aukerak ematen ikasi behar dugu, guri ere aukera berriak zabal diezazkiguten.