Nire semea doan ikastetxe publikoan hilabete hauetan uraren gaia lantzen ari dira, bizitzarako ezinbestekoa den elementua.

Eta gaur, etxe inguruan oinez nindoala egun eguzkitsu batekin topo egin dut, goizeko ihintzak zelaietako hostoak estaliaz. Zalantzarik gabe, izadiaren elementu honek on egiten dio bai lurrari, bai landareei eta baita animaliei ere euririk egiten ez duenean besteak beste. Izatez, ardiak denbora luzez urik edan gabe egon daitezkeela esan oi da, bazkatzen duten belardiak ihintzaz nahiko bustirik dauden bitartean.

Naturaren prozesu hau ikustean, berehala Jainkoarengan pentsatu dut eta nik dudan haren beharrean.

Asetu ezin ditzakegun eta sistemak faltsuki bultzatzen dituen beharrez beteriko sozietate honetan, geroz eta argiago dut zer den benetan bizitza integral aberats bat bizi dezadan behar dudana: Lurrak eta animaliek goizeko ihintzaren beharra duten bezala, nik Jainkoaren presentzia eta bere eguneroko maitasuna behar ditut.

Eta honekin ez diot erlijiositate batean oinarriturik edo eta arau jakin batzuk jarraituz bizi behar denik; Jesusen ondoan apaltasunez eta haren lagun izanez baizik.

Hori dela eta, Jesus berak inola ere bere barrena ezerekin asetu ezinik zebilen emakume bati honela esan zion:

“nik eskainitako uretik edaten duenak ez da sekula berriro ere egarri izango, hare gehiago, bere barnean, ur hori betiko bizitza isuriko duen iturri bilakatuko da” *

Jesusen ekintzak eta hitzek emakume horren bizitza betirako aldatu zuten, nire bizitzarekin eta beste askorenarekin egin duten bezala.

Guztiok dugu nolabaiteko egarria, beharra. Maitatuak izateko beharra, entzunak izateko beharra, onartuak, sendatuak, barkatuak. Guraso hobeak izateko beharra, seme hobeak, anai-arreba eta senar-emazte hobeak, lagun hobeak.

Eta badira gure kabuz asetu ezin ditugun beharrak, eta lurrak bezala, zerutik datorren goizeko ihintzaren beharra dugu.

“Inor egarri bada, etor dadila nigana eta edan dezala” * (Jesus)

  • Joanen ebanjelioa 4:14

  • Joanen ebanjelioa 7:37