XALBADORREN BERTSOA

Nire zaletasunetako bat bertsolaritza da. Bat-bateko bertsoei esker bizitzako arlo orori buruz abestu eta herriari iltzultzen saiatzen diren Bertsolarien artea.

Gehien gustau eta miresten dudan bertsolarietako bat Xalbador da. Urepeleko (Behe Nafarroa) bertsolari eta artzaina. 1976An zendu zen bere herrian bertan omenaldi bat egiten ari zitzaiela. Xalbador nire bertsolaririk gogokoena izatearen arrazoien artean bere sakontasuna, arte poetikoa eta idazten eta abesten zituen gaiak azpimarratuko nituzke. Eta bere bertsoen artean bada bereziki erakartzen nauen bat, titulutzat “Jainkoa eta Ni” duena.

Bertso honen hasieran Xalbadorrek umetan bizitako ingurugiro erlijiosoari buruz hitzegiten du, Jainkoarenganako beldurrari buruz eta baita “oker jardutearen ondorioz infernura joatearen” sinesmena ere.

“Fede haundiko burrason ganik

sortu bainintzan mundura,

Jainko legean hezi ninduten

jitean adimendura;

hain zen beroa denbor hartako

eliz gizonen kar hura,

ziotelarik gaizki eginak

zeramala ifernura,

muinetaraino sartu zitzautan

Jaingoikoaren beldurra”

Zalantzarik gabe, okerreko Jainkoaren irudia islatzen zuten irakaspenak ziren haiek, hotzak, grisak, gizakiaren miseriatik aldenduak eta izua sortarazten zutenak. Ekintzetan oinarrituriko doktrina, betiereko salbamena kanpoko ekintzak burutzu soilik lor zitekela erakusten zuena. “Estresaturiko fedea” nolabait, hitzez hitz jarraituz gero frustrazioa eta opresioa baino eragiten zuena bai jende askorengan eta baita hainbat herritan ere.

Baina bapatean bertso honetan zerbait aldatzen da. 180 graduko bira ematen duen bertsoa bezalakoa da. Izan ere, azken parrafoan, Xalbadorren Jainkoari buruz txikitan nola hitzegin zioten aipatu ostean honela esanez amaitzen du:

“Orain ez dakit, Jauna, Zu edo

ni aldatu ote naizen,

etzira egun ene gogoan

lengo itxuraz agertzen;

gertatzen denaz, o Nagusia,

kartsuki zaitut eskertzen,

gure arteko hoztasun hartaz

hasia nintzan aspertzen,

Jainko maitea, ordu zen noizbait

lagunak egin gintezen”

Eta azken bertsoetan Urepeleko bertsolariak amaitzeko hau dio:

“Ez gaztigua urrun dezazun,

ez eta sari eskerik;

gaurkotz ez dautzut deusik eskatzen

amodioaz besterik”

Bertso honek Xalbadorren bihotzean gertatutako aldaketa islatzen du eta baita nola amaieran Jainkoa ezberdin ikusten zuen ere. Gorka Aulestiak zion moduan: “Xalbadorren bizitza erlijiosoan aldaketa nabarmena ikusten da. Umetan beldurra eta izuan oinarritutako erlijio batetik Jainkoaren maitasunaren izpiritualtasunera igaro zen, Jainkoa Aita maitakor bezala ikusiz” (“Bertsolaritza”, 1990)

JAINKOAREN AURPEGIA

Xalbadorren Jainkoarenganako begiradaren aldaketa izpiritual honek Jesukristoren bizitzan irudikaturiko bi ezaugarri ekartzen dizkit gogora “Jainko ikustezinaren irudia” (Kol 1:15): Jainkoa maitasuna eta grazia ere badela!

Jesusek lur honetan kreazioarenganako maitasuna islatu baitzuen uneoro…pertsonei beraien behar fisiko eta sozialetan lagunduz, gizartean bazterturik daudenen eskubideak defendatuz, bekatarien eta ospe txarrekoen etxean janez… Interesik gabeko maitasuna erakutsi zigun, dena ematen duen maitasuna, sakrifikatzen den maitasuna, barkatzen dakiena, erosterik ez dagoen maitasuna bere izatearen arrazoia ordainetan ezer itxaron gabe maitatzea baita.

Eta une beraen Jesusek Jainkoaren grazia ederra erakutsi zigun, Juanen ebanjelioak dion bezala gure artean “graziaz eta egiaz betea” bizi izan baitzen.

Baina galdera honako hau da: zer da benetan Jainkoaren grazia? Inoiz entzun dugun baina benetan ondo ulertzen ez dugun hitz hori.

“Grazia” Biblian sarritan agertzen den gaia da eta bikain betetzen da Jesus gure artean egon zenean.

Testamendu Berrian “grazia” bezala itzulitako hitza greziar “charis”-etik dator, “fabore, bedeinkapen edo ongia” esanahiarekin. Guztiok eskeini diezaiekegu grazia besteei, baina grazia hitza Jainkoari buruz hitzegiteko erabiltzen dugunean, esanahai berezi bat hartzen du. Graziak Jainkoak gure bizitzak bedeinkatzeko aukeratzen gaituela esan nahi du, nahiz eta gure bekatuengatik ez dugun hau merezi.

Seme galduaren parabolan bezala, Jainkoak Aita on eta errukior batek eman dezakeen guztia eskeintzen digu nahiz eta gure ekintzek harrera hau ez merezi. Ez gaitu Haren bila gerturatzera behartzen, baina Bera bai doa gure bila eta beti esku zabalik itxaroten gaitu besarkatu, maitatu eta eraberritzeko.

GURE ARAZOA

Baino denok dugu arazo handi bat. Nahiz eta Jauna maitasuna eta grazia izan, bada gure barruan aske izaten uzten ez gaituen zerbait. Eta Xalbadorrek beste bertso batean argi azaltzen du barne borroka hau (“Ortzirale Saindu Batetako Gogoetak eta Otoitza”):

“Aitortzen dut nor zaitudan

Bainan aitormen xoila bakarrik,

Zure aski maitatzeko ez du

ene bihotzak indarrik;

bekatuari estekatua

naukate hainbat lotgarrik”

Xalbadorrek bere bertsoan guri gertatzen zaigun gauza bera islatzen du… bere eta gure arazorik handienari lotuak egotearen barne frustrazioa: bekatuari lotuak egotearen frustrazioa.

Eta bekatua gizakiak izan dezakeen arazorrik handiena da, Jainkoak gure bizitzarako nahi dunea ez egitean, bekatua kontrolik gabe barne munstroa bezalakoa baita bai gure eta bai besteen bizitzak suntsituz. Askotan arazo hau gure kabuz konpondu nahi izaten dugu munstro hori mozorro eta itxura politarekin apainduz, baina azkenean beti azaleratzen da eta min handia eragiten du.

Pablo apostoluak honako hau esan zuen:

“Ongi ikusten dut ez dagoela niregan – nire giza grinetan, alegia – ezer onik, nire esku baitago on egin nahi izatea, baina ez on egitea. Nahi dudan ongia ez dut egiten, eta nahi ez dudan gaizkia egiten dut. Nahi ez dudana egiten badut, ordea, ez dut nik egiten, niregan ari den bekatuak baizik” (Erromatarrei 7:18-20)

JAINKOAREN ERANTZUNA

Gure barne miserien arazo honen aurrean, Urepeleko bertsolariak berak “loturak” bezala irudikaturik, galdera honako hau da: ba al dugu Jainkoaren erantzunik, irtenbiderik, askatasunerako itxaropenik?

Pablo apostoluak erromatarrei zuzenduriko eskutitzean galdera bera egiten zuen eta Hitzak berak erantzuna azaltzen digu:

“Gizon dohakabea ni! Nork askatuko nau, heriotze-gorputz honetatik! Jainkoak, Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Eskerrak Berari” (Erromatarrei 7:24-25)

Ikus dezakegun bezala zeruko erantzuna pertsona bakarrarengan dago: Jesukristo

Jesus bakarrik izan zen gai gurutzean gure barne miseria eta bekatuengatik hiltzeko. Hark gure bekatuen zama bere gain hartu eta gutako bakoitzak Jainkoarekin Hari bizkar emateagatik genuen zorra ordaindu zuen. Jainkoaren Hitzak dion modura: “Izan ere, bakarra da Jainkoa eta bakarra Jainkoaren eta gizon-emakumeen bitartekoa ere: gizon bat, Kristo Jesus, bere burua guztien salbamenerako ordainsaritzat eman zuena” (1 Timoteo 2:5-6a)

ASKE IZAN NAHI DUT

Zalantzarik gabe Askatasuna bizitzako arlo askotan (sozial, politiko…) oso altxor preziatua da eta askok jarraitzen duguna, baina ez da konparagarria inola ere benetan barne bekatutik eta bere ondorioetatik aske izatearekin.

Legeak kondenatu egiten gaitu zehatz mehatz betetzea ezinezkoa baita, beti dago ihes egiten digun zerbait, ezin gaitezke gure kabuz dugun arazorik larrienetik salbatu eta aske izan. Baina damututako bihotz umilez onartutako Jainkoaren graziak salba gaitzake. Kristok bakarrik salba gaitzake! Ez erlijioak, ez gure jarrerak ezta gure kanpoko ekintzek ere. Berarenganako fedeak soilik.

Horregatik dio Bibliak “ Izan ere, onginahi hutsez salbatuak zaudete fedearen bidez; eta hori ez dator zuengandik; Jaungoikoaren dohaia da” (Efesoarrei 2:8)

JAINKOA LAGUN DUGULA BIDEA EGINEZ

Amaitzeko, esan dezaket era pertsonal batean Jesusen maitasuna eta grazia bizitzeak Jainkoarekin adiskidetasunezko erlazio bat edukitzea baimentzen didala. Jainkoaren oinatzak jarraituz gizon zaharretik pertsona berri bat bilakatzera eramaten duen erlazio eraldakor bat. Jesus ezagutu eta libreki jarraitzeak ematen dio denari zentzua, baita gure ahultasunak eragindako egunik ilunenetan ere. Eta hala behin Jaunak Pablori erantzun zion bezala, guri ere honela esaten digu:

“Nire grazia da behar duzun guztia” (2 Kor. 12:9)

 

Daniel Scott

 

Itzulpena: Nerea Puldain