Abestiak dio: “ ez dago biderik, bidea ibiliz egiten da”. Herrian hau entzun dut: “Borroka da bide bakarra”, eta ez nago ados, ez batekin ezta bestearekin ere.

Abestiak dionak noraezean nauka, bizitza honetan ez dago helbururik, ez dago zentzurik, hemen zaude eta auskalo zertarako, ikusten duzu zuk ez duzula erabakitzeko ezer, dena datorkizu eta dagokizuna onartu behar duzu.

Hau askatasunaren aurka doa, “Patuaren” menpean jartzen zara eta “Zortea” izatea da zure nahi bakarra, itxaropenik gabe bizitzera kondenatuta.

Herriak diona ez zait gustatzen, borroka bakearen aurka doa, eta ez dago gauza hoberik bakean bizitzea baino. Bortizkeriak bortizkeria dakar, eta guk besteen bortizkeria ez dugu sufritu nahi. Are gutxiago besteak nik baino indar gehiago baldin badauka.

Ez dut esan nahi besteen menpekotasunean bizitzea ontzat eman behar dugunik, baina beste bide bat aurkeztu nahi dizut.

Askatasuna eta bakea lortu ahal izateko, maitasun eta egiaren bidea jarraitu behar da.

Askatasuna lortzeko egia behar dugu eta egia ezagutzeko Jesus ezagutu behar dugu. Salmoak honela dio “ Maitasunak eta egiak topo egin zuten, justizia eta bakea elkar musukatu ziren.”

Jesus agertzen zaigu bizitzako bidea bezala. Hemen helburu batekin gaudela gogoraraziz, eta ez kasualitatez. Eta helburu hori Bera ezagutzea da, bere ezagueraren bidez egia ezagutuko dugu eta egiak aske egingo gaitu.

Orduan gaitasuna izango dugu besteengan eragina edukitzeko, ereduak izateko, gure herrirako askatzaileak, bakezaleak, egiazkoak.

Badago bidea, batzuentzat berria, ezezaguna, besteentzat zaharra eta berriro ere aurkitu beharrezkoa.

Bide hau ez da erraza, estua eta gogorra baizik. Korrontearen aurka doana, hau da, maitasun bidea. Agindu hau eman zigun Jesusek “ elkar maita ezazue” “Nik maite zaituztedan bezala”.

Maitasun honek besteengatik gure bizitza ematera eramaten gaitu, ez besteena kentzera, gurea ematera baizik, eta maitasunez, apaltasunez, obedientzian, besteei Jesus Jauna ezagutzeko aukera ematen diegu.

Ibil gaitezen bide honetatik eta gure herria eta gizartea eraldatzeko aukera izango dugu.

Jesus da Bide bakarra.

Joxan Rodriguez