Abuztu bukaeran G7 famatua ospatuko da Biarritz hirian (Lapurdi, Euskal Herria). “Erraldoien gailur” honek, munduko zazpi potentzia ekonomikoetako lider politikoak bilduko ditu. Oraingo honetan, gai ezberdinak landuko dira, emakume eta gizonen arteko aukera ezberdintasuna eta ingurugiroa esaterako.

Arazo hauei aurre egiteko erantzun bila gobernu ezberdinek saiakerak egin arren, munduan zehar honako hau bizitzen jarraitzen dugu:

  • Injustizia eta ezberdintasun sozialak.

  • Ingurugiroaren kutsadura.

  • Giza eskubideak urratzea.

  • Bazterketa eta arrazakeria.

Baina nik diot, gehiengo baten pobreziaren ordainetan, gutxi batzuk pribilegiatzen dituen sistema baten aurrean: Beste mundu bat ez al da posible?

Behin, Jesusen jarraitzaileen artean, eztabaida izugarria sortu zen batzuek autoritateko lehen postuak bete nahi zituztela eta. Baina Jesusek, ondorengo hitzekin erantzun zien:

“Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrien buruzagi direnek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Zeren Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera»”

Interesgarria da Jesusek, munduko lider eta boteretsuen ekintzak deskribatzeko, ondorengo gaiekin zerikusia duten bi termino erabiltzen dituela:

  1. Gainontzekoak menperatu eta zapaltzea.

  2. Autoritatearen ekintza oker eta gehiegizkoa.

Zalantzarik gabe, hauek, gaur egun lidergo askotan ikusi daitezkeen bi ezaugarri dira.

SISTEMARENTZAKO ALTERNATIBA

Mota honetako gobernuen aurrean Jesusek dio: “zuen artean ez da horrela izan behar”. Eta beste aukera bat proposatzen du, munduko sistemaren kontrakoa dena.

Jesusek proposatzen duen aukeraren ardatza, besteekiko zerbitzu edo mesedean oinarritutako lidergoan datza. Ezaugarri hau ez da modu negatibo batean ulertu behar, norbera gutxiesten duen ikuspuntu batetik ulertuz; batengan gutxiago pentsatu eta besteengan gehiago pentsatzen duen ikuspuntu batetik baizik.

Eredu honek, ez du politika harrokeria eta botere despotikoarentzako tresna bezala ulertzen; herrien beharretan oinarritutako zerbitzu eta antolaketa modu bat baizik.

Lidergo hau deskribatzeko Jesusek erabiltzen duen hitza,” morroi” hitza da; eta zerbitzu hau “denek” jasotzen dute.

Denek” hitzak, ez du inor kanpoan uzten, pertsona, talde, nazio eta hizkuntza guztiak hartzen ditu bere gain; “gutxi batzuk” kontzeptuaren kontrakoa da.

Ikuspuntu honetatik, liderrek ez lituzkete beren nahi eta talde ekonomiko handiek eskatzen dietena egin beharko; aldiz, herrialdeen ongizatearen eta giza eskubide unibertsalen “morroi” bihurtu beharko lirateke.

Baina zoritxarrez, gaur egungo sistemaren legeetan, aberastasunaren aldeko interes ekonomikoak dira erabaki eta agintzen dutenak; eta politikari askok, merkatuaren agindupean bukatzen dute.

Materialista eta gizakiaren kontrakoa den logika hau, gizarteko beste hainbat sektoreetan ere ikusi daiteke; baita gizakiaren bihotzean ere, buru-estimua, berekoikeria eta norberarentzako geroz eta gehiago nahi izatearen desirak menderatuta.

JESUSEN ERANTZUNA

Hori dela eta Jesusek,  besteekiko zerbitzu eta mesede eredua deskribatu ondoren, mundu honetara zertara etorri zer argitzen digu:

Gizonaren Semea ere ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera”.

Lehenik eta behin, bera zerbitzatzera etorri zela esaten digu, eta hau bere bizitzan zehar argi eta garbi ikusi zen, “denen” zerbitzura jarri zelarik eta guztiekin identifikatu zelarik. Adibidez,  gizarteko pobre eta marjinatuenekin, zapalduekin, haurrekin eta gizarte hiper matxista bateko emakumeekin. Arrazoi honegatik, zalantzan jarri zuen garaiko sistema erlijioso eta zibila, herria menperatzen eta zapaltzen ari zelarik.

Baina batez ere, Jesusek bere bizia eman zuen gure arazo nagusia konpontzeko: norberak duen barne miseria. Norberari eta besteei hainbesteko mina egiten digun barne iluntasuna. Horregatik esaten digu Jesusek, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera etorri zela!

Jesus, Jainkoa izanda, gizakiarekin identifikatu zen, gizaki egin zen, eta horregatik hil egin ahal izan zen guregatik gurutzean. Maite gaituelako, gurutze batean hiltzea erabaki zuen. Bere odolaren ordainsariari esker, gu esklabotza gogorrenetik askatu gintuen: barruan duguna; nahi ez dugun gaiztakeria egitera eramaten gaituena, nahi dugun ongizatea egin beharrean.

Lenin edo Che Guevara bezala iraultzaileek hainbestetan aipatzen zuten “gizaki berria”, historiako lehen iraultzailearen heriotz eta berpizkundeari esker da posible: Nazareteko Jesusi esker.

Emakume zein gizon berriak sortzen dituen iraultza hau, barrutik kanpora hasten da, gure bihotza garbitu eta aldatzen du; ondoren, inguratzen duen guztia zaharberritzeko.

Jesukristori esker sortutako gizarte berri hau, jada ez dago merkatuko legeen, Jainkoaren borondatearen aurka doan munduko sistema baten edota gizakiaren ongizate integralaren menpe.

Gizarte berri hau askea da, maitasunaren, bakearen eta justiziaren morroi izateko.

 

Daniel Scott

Itzulpena: Malen Bellido