Historian zehar inperio, erreinu eta estatu desberdinek oso zentralista zen politika erabiltzen zuten herrien aniztasunaren kontra. Zenbat minoria, herri, nazio, hizkuntza eta kultura geratu ziren zapalduta zentralismoaren oinen azpian?

Zenbat aldiz betetzen duen lurra kolore batez, mihi bakar batez eta forma bakar batez uniformetasunaren muntroak, bere ideologia totalitarioaz bestelako guztia janez.

Duela urte asko Jainkoak, oso zentralista zen paradigma indartsu bat salatu zuen; izan ere, hasieran mundua sortu zuenean, gizakiari agindu zion lur osoan sakabanatzeko, eta ondorioz modu naturalean sortuko ziren herri, hizkuntza eta nazioa desberdinak.

Baina zer gertatu zen? Gizakiak berriro ere, ez zuen Jainkoaren agindua bete. Horregatik, Babelen kasuari dagokionez, Bibliak honako hau dio:

“Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. Honela esan zioten elkarri: «Ea, adreiluak egin eta sutan erre ditzagun». Honela, harriaren ordez adreilua erabili zuten eta kare-orearen ordez bikea. Gero, esan zuten: «Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko»” (Hasiera 11: 1-4)

Ikus dezakegunez Babelen, komunitateak paradigma erabat zentralista eduki zuen, gizarte eredu, hizkuntza eta kultur batean bakarrik pentsatzen zutelako. Gainera, ez zioten kasurik egin Jaungoikoari, ospetsuak izan nahi zutelako.

Babelen jokabide horrek zentralismo askoren leloak gogorarazten dizkit. Adibidez: “Frantziako Errepublika Demokratikoa, bat eta zatiezina” edo erregimen frankistaren Espainiaren leloa “Bat, handia eta askea”.

Bestalde, Babel ere errakuntzaren kontzentrazioaren eredu bat zen. Esperientziagatik, badakigu hiri handiak eta dorre erraldoiak daudenean, desberdintasun eta pobrezia handia ere badagoela.

Zenbat dorre eraiki ziren munduan langileen odolarekin? Eta zenbat inperio eta estatu eraiki ziren munduan beste nazio batzuen pobreziarekin?

Baina, arazo honen aurrean, zer erantzun zuen Jainkoak? Bibliak dio:

“Jaitsi zen Jauna gizasemeak eraikitzen ari ziren hiria eta dorrea ikustera, eta esan zuen: «Hara, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau beren lehenengo lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko. Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten».

Horrela, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. Horregatik, Babel –hau da, «Nahasketa»–, eman zioten izena, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera.” (Hasiera 11:5-9)

Orduan, Jainkoak arazo honi eman zion erantzuna Babelen elebakartasunaren nahasmena izan zen, eta euren artean desberdin hitz egiten zutelako eta elkar ulertu ezin zutenez gero, hizkuntza ezberdinak sortu ziren. Egoera honen ondorioz, Babelgo komunitateak, hiri handi hori eraikitzeari utzi zion, eta lurreko toki ezberdinetara hedatu zen, herri, nazio eta hizkuntza berriak sortuz. Izan ere, Jainkoari bidezko banaketa, aniztasuna, koloreak, hizkuntzak, kulturak eta nazio desberdinak gustatzen zaizkio.

Elebakartasunaren arazoaren aurrean, Jainkoak hizkuntza ezberdin asko sortu zituen.

Hiri handiaren arazoaren aurrean, Jainkoak herri berriak sortu zituen.

Zentralismoaren arazoaren aurrean, Jainkoa nazio berriak sortu zituen.

Aberastasunaren eta lurraren kontzentrazioaren aurrean, Jainkoak gizateriaren historiako lehen nekazaritza-erreforma sorrarazi zuen: lur osoan sakabanatzea.

Zoritxarrez, gaur egun munduan «Babel» askok jarraitzen dute beren politikekin eta indarraren kontrolarekin aniztasunaren ibaiak geldiarazi nahian, «Urtegi artifizialak» (kasu askotan, konstituzio mugiezinak) eraikitzen jarraitzeko, non hizkuntzak, baliabideak eta nazio desberdinak zentralismoaren ur ustelarekin ito egiten diren.

Baina Jainkoak Babelen statu quo-a hautsi zuen, guk ere aniztasuna zapaltzen jarraitzen duten estatuen statu quo-a hausteko eredua emanez. Eta ez da indarkeria behar, aniztasuna modu baketsuan erabiltzea baizik. Babelen kasuan, aldaketaren-faktorea hizkuntza desberdinen sorrera eta erabilera izan zen.

Hemen ikus daiteke aniztasunak kaosa sortzen duela sistema uniformeetan. Kaosa ez da beti gauza txar baten sinonimo; aitzitik, kasu askotan akuilu bat da, ezarritakoa zalantzan jartzera bultzatzeko eta zerbait berdinzaleagoa, askatzaileagoa eta bidezkoagoa sortzeko.

 

Daniel Scott

ARGAZKIA: Nico Leucrini – @nico_artefoto